Asteartea, 2017ko martxoak 7a.
Olatz Gonzalez Abrisketa – EHUko Antropologia irakaslea, eta 'Pelota II' filmeko
zuzendaria
Hou Yifanen kasketa artikuluaren harira, Mikel Larreategi Aranak xakearen
munduaren izenean erantzun dit, nabarmentzeko bikoteak hautatzeko sistemak
«nola funtzionatzen duen» eta jokalari batzuk ez dituela «nahita gaizki
tratatzen». Idatzitakoarekin ez nuen esan nahi, inola ere, sistema bidegabea
zenik edota Yifanen kasuan azpijokoa egon zenik ere. Esan nuena eta esan nahi
nuena zen profanooi ez zaigula argi geratzen sistemak sailkapen orokorrean duen
eragina zein den, nahiz eta bere artikulua aldez aurretik irakurrita eduki.
Ulertu genuen, nik gutxienez, sistemak antzeko rating-ak
dituzten jokalariak parekatzen dituela. Eta ulertu genuen, baita ere, beste
zenbait blog sarrera eta webgune ofizial irakurrita, puntuak lortzeko aukera
lehiakideen arteko rating desberdintasunaren mende dagoela. Hau
da, zuk baino rating altuagoa duen jokalari baten kontra
irabaztekotan puntu gehiago lor dezakezu zuk baino baxuagoa duenaren kontra
irabaztekotan baino. Beraz, Hou Yifan, ELO puntuaziorik handiena duen emakumea
izanda, puntuak gehitu ahal izateko aukera gutxiago edukiko du emakumeen kontra
jokatzean gizonen kontra jokatzean baino, horien artean 104k hark baino rating
altuagoa dutela kontuan hartuta. Gibraltar Torneoari begira, Hou Yifanek berak
baino rating altuagoa
zeukan jokalari bakarraren kontra jokatu zuen, Michael Adamsen kontra, 5.
txandan, hain zuzen ere. Yifanen rating berbera duen gizonezko baten aurkariak
ikusita, Anton Guijarrorenak alegia, Antonek berak baino rating altuagoa duten jokalarien kontra bost
aldiz jokatu zuela konturatzen gara. Pentsatzen dut hori guztia torneoaren
eskaileraren kontua izango dela, baina inork ez du zehazki azaldu zertan
datzan. Beraz, adierazi nahi nuen gauza bakarra zen txinatarrak, ranking orokorrean igotzeko xedea edukita,
hainbeste emakumerekin parekatu izana freno bat bezala ulertu ahal izango
zuela. Eta hori, kasketa hutsa, edo Ainhoa Azurmendik aipatutako Queen Beeren
sindromea baino zerbait gehiago izango zen.
Mikel Larreategi Aranak bere artikuluan aztertu nahi ez duena da nik agerian
utzi nahi nuen dilema: Emakumeen ikusezintasuna. Ez du komentatu ere egin nahi
izan hori aldatzeko nik ikusten dudan irtenbide bakarra: Kirolean ere, beste
hainbat arlotan bezalaxe, kuotak ezartzea.
Horren harira, Vanesa Fernandez Guerra lankidearekin eztabaidatzeko
aprobetxatuko dut, joan den astean argitaratutako artikulu batean zalantzan
jartzen baitzituen diskriminazio positiboaren onurak. Izan ere, Fernandez
Guerrak harridura erakusten zuen zine ekoizleek argi eta garbi esaten zutelako
hemendik aurrera lantaldeak osatzeko emakume gehiago kontratatuko zutela
laguntza publikoak lortu ahal izateko. Haren hitzetan: «Emakume zinemagileek
diskriminazio positiboa urgentziaz indartzea aldarrikatzen dute. Ez nago neurri
horren kontra, baina kontuz ibili behar dugu kontu horrekin, askotan gure
kontra ere joka dezake eta. Badakit hori aipatzean feministak, postfeministak,
neofeministak (edo dena delakoak garela) haserretu ahal direla, baina, neure aburuz,
hain sakona den zauriari tirita bat ipintzea baino ez da. Diskriminazio
positibo hori egiteko, batik bat, diru laguntza publikoetan puntuazio gehiago
izatea aldarrikatzen dute, eta ez nago horren kontra, jakina, baina ekoizleek
(gizonezkoak kasu gehienetan) oso arin ikasi dute euren ekipo
tekniko-artistikoetan emakume asko sartzea komeni dela puntu horiek lortzeko».
Baina, kasu honetan, diskriminazio positiboa, nik ulertzen dudan moduan
gutxienez, horretarakoxe da: Zine ekoizleek (berdin zait emakumeak zein gizonak
izan) emakume gehiago kontrata ditzaten. Eta hori bermatzeko, hain zuzen, puntu
gehiago ematen zaizkie. Ez dakit zein zentzutan joka dezakeen horrek gure
kontra, guztiz gutxietsita gauden sektore batean leku gehiago lortzen badugu.
Eta gero gerokoak.
Fernandez Guerrak berak Anna Serner Suediako Zine Institutuko zuzendariaren
genero berdintasuna lortzeko arrakasta aipatzen du. Alabaina, bost urtean
panorama guztiz aldatzea ez da hezkuntzaren bidez lortzen, bakar-bakarrik
kuoten bidez baizik. Eta jakin badakigu Suediako testuingurua ezberdina dela.
Han emakume asko daude boterean, diskriminazio positiboaren politika urtetan
zehar tinko jarraitu eta bete dutelako. Eta hori lortu dute, batez ere,
instituzioetan erabakiak hartzen dituztenek ez dutelako zalantzan jartzen
funtzionatzen duen politika feminista bakarra berdintasunaren feminismoaren
politika dela. Hau da, kuotak ezartzearena.
http://www.berria.eus/paperekoa/2130/019/002/2017-03-07/kuotak.htm